ADIMEN ANITZETAKO TAILERRAK FAMILIENTZAT

Familientzako tailerrak: Adimen anitzak

Aurten aisialdirako proiektu berri bat prestatu dugu: familientzako tailerrak.

Gure helburua izango da bai haurrek bai helduek naturarekin gozatzea ingurune ezin hobe batean. Beraz, ez bazaizue bururatzen zer egin asteburuetan zuen seme-alabekin, zeozer berezia eskaini nahi badiezue betiere ikasten duten bitartean, edo natura gustatzen bazaizue, hau zuen aukera izan daiteke.

Tailerrak larunbatetan izango dira 10.00etatik 18.00etara, eta Adimen Anitzetan oinarritutako ekintzak burutuko dira. Hauetan haurrek zein nagusiek parte hartu dezakete.

Adina: Familia osoarentzat, 0 urtetik.

Ekintzak, 3 urtetik gora-ko umeentzat bereziki prestaturik daude. Hiru urte baino gutxiago dituenak beti heldu baten ardurapean egon behar dira.

Prezioa: 25€/pertsona bakoitzeko (bazkaria barne eta askaria umeentzako bakarrik). 3 urte baino txikiagoak  dohainik.

Data: Apirilak 30 (eskaeren arabera eskaintza zabalduko da).

Inskripzioa:    posta elektronikoaren bidez,  baratze@baratze.com helbidera, helduen kopurua eta umeen adina zehaztuz.

¿Zer egingo dugu tailerretan?

Guztiak ez gara berdinak, desberdin pentsatzen eta ikasten dugu. Hori da, laburbilduz, Howard Gardner-ek esaten duena bere Adimen Anitzen teorian.

Duela gutxira arte pentsatzen zen gizakiak adimen bakarra zuela eta hau adimen-kozientearen bidez neurtzen zela. Orain badakigu hori EZ dela horrela. Ume bakoitza ezberdina da eta horregatik irakaskuntza pertsonalizatua eskaini behar diegu.

Bakoitzak ikasteko era bat dauka, eta hezitzaileon funtzioa gure haurrek erabiltzen dutenaz jabetzea izan behar du, hau da, haien grinak aurkitzea. Irakasleak ez gara jakituria guztiaren jabe, izan ere, gure lana haurrak haien ikasketa prozesuan gidatzea da. Prozesu horretan umeak lagundu behar ditugu haien adimen nagusiak antzematen eta horiek erabiltzen irakatsi jakintzak hobeto bereganatzeko.

Argi dago guztiok gauza asko ikasi behar ditugula, baina ez daukagu zertan guztiok berdin egiterik. Horregatik irakasgai bat irakasteko hamaika era ezberdin egon daitezke.

Howard Gardner-en arabera 8 adimen ezberdin daude:

– Adimen ikus-espaziala

– Hizkuntzarako adimena

– Gorputz adimena.

– Adimen logiko-matematikoa

– Adimen musikala

– Pertsonaren baitako adimena

– Pertsona arteko adimena

– Adimen naturalista

Gure gaitasunek edo adimen anitzek garapen ezberdina izan dezakete, baina horrek ez du gure garapen pertsonala oztopatuko. Hala ere, oso garrantzitsua da gaitasun guziak estimulatzea eta garatzen saiatzea. Hori da gure helburua Baratzen: haurren adimen guztiak estimulatzea horiek garatu ditzaten eta beraien potentzialtasunetaz jabe daitezen. Hau da, jolasa eta ezaguera batu nahi ditugu.

Nola egiten dugu?

Historian zehar ikuspegi eta metodologia ezberdinak agertu dira. Guk bakoitzeko onena hartzen saiatzen gara haurrei irakaskuntza integral eta pertsonalizatua emateko. Gure ustez, umeak ez du ikasten bakarrik eskolan edo etxean, baizik eta, estimulua haurrarentzako egokia baldin bada edozein lekutan ikasi dezake.

Gure metodologiaren oinarriak hurrengoak dira:

  • Ikaskuntza esanguratsua.
  • Haurraren protagonismoa: aktiboa, bere ezaguera eraikitzen duena.
  • Irakaskuntza pertsonalizatua, umearen jakin-minen araberakoa.
  • Ikaskuntza kooperatiboa.
  • Motibazioaren sustapena.
  • Ikasteko nahiaren bilaketa.
  • Sormena eta esperimentazioaren garapena.
  • Behaketaren garrantzia.
  • Haurrei egokitako lekua.
  • Autonomiaren sustapena.
  • Besteekiko eta naturarekiko errespetua.